Epaitegi Gorenak hartu duen erabakiaren aurrean, zera adierazi nahi dio ezker abertzaleak Euskal Herriari:
Epaitegi Gorenak Sortu alderdi bezala inskribitzea debekatuz hartu duen erabakia politikoa da. Ezker Abertzaleak estrategia politiko jakin baten baitan kokatzen du Epaitegi Gorenaren erabakia, Euskal Herrian zabaldu den aro edo fase berria galgatu eta bahitzeko borondatean.
Zeregin honetan ardura berezia hartu du PSOE alderdiak, Euskal Herrian zabaldu den egoera berriari inposaketa eta errepresioaren ildoan sakonduz erantzun bait dio, demokrazia eta eskubideen alorrean zaindu beharreko oinarriak eta formak erabat galduta.
Bestalde, Ezker Abertzalearentzat azpimarragarria da PSOEk PPrekiko erakusten duen morrontza, Espainiako alderdi ultra-eskuindarraren presioen aurrean etengabe makurtzen ari baita bere ildo politikoa, gatazka politikoaren inguruan eman beharreko urratsei dagokionean.
Morrontza horren ondorio gisa ulertzen dugu Sorturen aurrean, egunak joan eta egunak etorri alderdi sozialistaren ardura gorenetatik landu den eraso bateria, inondik ere Epaitegi Gorenaren erabakia baldintzatu eta PSOE-PP itunaren oinetara makur zedin bilatzen zuena, gertatu den moduan.
Hamaika aitzakia baino ez direnak entzun ditugu Sorturen estatutuen aurkezpenaren ondotik denbora honetan guztian, legez eskatutakoak betetzeko prestutasuna zegoela ikusirik, baldintza berriak bata bestearen atzetik jarriz aritu baitira eta, era berean, bortizkeria beren jarduera politikoaren lehen lerroan kokatuz, atxiloketen bitartez, torturatuz…
Jarduera honen atzean zer dago? Azken hamarkadetan pairatu dugun gatazka egoera iraunaraztea, baina zergatik? Eskaintza politikorik ez daukatelako herri honentzat, inposaketa eta eskubideen urraketaz harago ez daukate zer eskainirik herri honi. Hori da atxiloketen, torturen eta Epaitegi Gorenaren erabakiaren atzean gordetzen den errealitatea.
Ahulezia honetatik egindako urratsak dira, beraz, Madrildik datozkionak herri honi, soilik bide politikoak libre eta mugarik gabe baliatuz eztabaidatzeari dion beldurraren ondorioz erakusten baititu errepresioaren hatzak herri honi.
Honela arituz Madrilek pentsatzen du Euskal Herrian zabaldutako fase politiko berria apurtuko duela, baina dagoeneko badaki hori ez duela lortuko, baina ez du lortuko ez Ezker Abertzaleak horrela esaten duelako, baizik eta herri honen gehiengoak bere hitza eman duelako, egoera politiko berriaren alde, legalizazioaren alde, prozesu demokratikoaren alde, gatazka politikoaren behin betiko konponketaren alde.
Ezker Abertzaleak gaurkoan txalotu nahi du egoera berriarekin bat egiten ari den gehiengo sozial, sindikal eta politikoa, indarrak biltzeko ahaleginean urrats handiak eman dituena denbora honetan eta dagoeneko aldaketa politiko eta sozialaren aldeko subjektu gisa azaltzen dena Euskal Herriko ekuazio politikoan.
Gehiengo honek baiezkoa eman dio Sorturen legeztatzeari eta ziur gaude ez duela ulertzen sententzia, Euskal Herrian ulergaitza egiten baita egoera politiko berriari bizkar eman eta atzera begira jarri nahi gaituen sententzia. Ziur gaude bai sententzia honek, bai azkenaldion Madrildik etorri diren kolpe errepresiboek eta tortura kasuek, adibidez, Espainia eta Euskal Herriaren arteko distantzia handitu baino ez duela egin.
Gaurkoan ozen esango dugu eta euskal herritarrek arrazoi osoa emango digutelakoan gaude esaten badugu Estatu espainiarra inoiz baino deslegitimizatuagoa dagoela herri honen aurrean. Estatu espainiarra eta PP-PSOE alderdien estrategiak inoiz porrot egin badu, egun eta egoera honetan egin du porrot herri honen aurrean.
Aurrera goaz, gehiago kostako zaigu edo gutxiago, baina Euskal Herriaren ibilbidea itzulezina da, eta Madrilek ez du norabidea aldatuko. Oraingoan ez dio kasurik egin nahi izan herri honen mandatu demokratikoari, baina mandatu hori ezingo du alfonbra azpian gorde, saihestu, ekidin … lehenago edo beranduago herri honen eskaera demokratikoari demokraziarekin erantzun beharko dio, ez salbuespeneko legeekin, ez bazterketarekin, ez eskubideen ukazio eta zapalkuntzarekin, herri honek hala nahi eta eskatzen duelako.
Gaur, inoiz baino ozenago esan behar diogu Madrili: bukatu da, herri honek esan dio bukatu da, eszenario demokratikoa nahi dugu gure herrian, guztiok politikan aukera berdintasunean eta jazarpenik pairatu gabe haritu ahal izatea, guztion parte hartzea hauteskundeetan, udalak eta foru aldundiak askatasunez eta bazterketarik gabe osatzea, eta horretarako bitartekoak Madrilek ziurtatzen ez baditu, garai berrien alde egiten duen herri honen ordezkaritza politiko zabal eta anitzari dagokio egoera honi aurre egitea, Madrilek hartu duen erabaki politikoari politikoki eta herri gisa erantzutea.
Eta hala diogu legalizazioaren auzia ez baita ezker abertzalearen auzia, herri honen auzia baizik, jokoan dagoena irekitako bidean aurrera egitea baita, Madrilen atzera begirako estrategiari, inposaketari, ukazioari erantzunez. Hori dago jokoan eta herri honek badaki.
Ondo dakien moduan Patxi Lopez lehendakariak. Hainbat hitz egin du Sorturen inguruan baina Estatu espainiarraren posizioak eta PSOEk agerian utzi du bere jarrera. Alferrik dira hitz onak, non daude jarrerak? Zer egingo du bere alderdia mugiarazteko? Zer egingo du bere herriaren gehiengo zabalak Sorturen legalizazioaren inguruan egiten dion demandari erantzuteko? Lopez lehendakaria ere atzean geratzen ari da, hitz hutsalen terrenoan galduta eta herri honen nahiari bizkarra emanez.
Ezker Abertzaleak aldiz, aurrera jarraituko du, ez dezala inork zalantzarik izan, gure apustuak ez du bueltarik, Euskal Herrian zabaldu den prozesua atzeraezina da. Eta gaurkoan argi eta garbi esan nahi dugu Madrilek ukatzen diona Ezker Abertzalearekin eskutik etorriko dela herri honetara, eszenatoki berri bat, non askatasun osoz proiektu guztien artean aukera librea egiteko aukera izango dugun, guk gurearen alde eginez. Hori da gure hautua eta horretan jarraitu dugu.
Info dulantzi aldizkaria herriari irekitako lehioa izatea bilatzen du, Dulantzi, Egileta, Araba, Euskal Herriko berriak hartu eta zabaltzeko tresna. Dulantziko ezker abertzalearen konpromisoa baina guztion artean egin beharreko lana. Info Dulantzi busca ser una ventana abierta al pueblo, altavoz de las noticias de Dulantzi, Egileta, Araba y Euskal Herria. Un compromiso de la Izquierdad Abertzale de Dulantzi pero tambien un trabajo a realizar entre todos y todas