23/4/11

Aberri Eguna 2011

2011ko Aberri Egunaren bezperetan, Ezker Abertzaleak egoera politikoaz egiten duen hausnarketa partekatu nahi du euskal jendartearekin.

Inolako zalantzarik gabe, aurtengo Aberri Eguna testuinguru politiko oso berezi batean emango da; azken urtean emaniko aldaketa sakonek eta gure herriko eragile batzuek harturiko erabaki garrantzitsuek markaturiko testuinguru politikoa da bizi duguna.

Testuinguru honetako elementu aipagarriak dira “Lortu Arte” eta “Euskal Herria Ezkerretik” akordioak; iraganeko inertziak hautsita, abertzaleon arteko elkarlanean aurrerapauso nabarmena dira akordio hauek. Bestetik, Euskadi Ta Askatasuna erakundearen su etena eta konfrontazio armatuko zikloa gainditzeko bere borondatearen erakustaldia egungo egoeran lehen mailako elementua dugu.

Aldaketa hauek, ordea, Madrilek garatzen duen ukazio politikarekin egiten dute talka. Ziklo aldaketa testuinguru baten aurrean, indarkeriazko konfrontazioa proiektu eta ideien konfrontazio askearengatik ordezkatua izateko nahiaren aurrean, bere horretan jarraitzen du Estatu espainiarrak. Horretarako atxiloketak, tortura, jazarpen politikoa edota legez kanporatzeak baliatzen dituzte, saihestezina dela dakien agertoki baten agerpena atzeratu nahian.

Gure herriarentzat duen alternatiba eta eskaintza gabeziaren ondorioz saiatzen da Estatu espainiarra gure herria konponbiderik gabeko zurrunbiloan itotzen. Geroz eta zailagoa dute ordea.

Badago herri honetan azken hamarkadetako dispertsioaren ostean birkokatzen ari den gehiengo sozial bat, interes partikular eta alderdikoiak alboratu eta herri ikuspegiz ari dena. Gehiengo abertzale horrek agortutzat eman du marko estatutarioa eta Euskal Herriaren burujabetza lortzeko estrategia nazional bat aldarrikatzen du. Aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko artikulatzen ari da gehiengo sozial hori.

Geldiezina den errealitate hori geroz eta era argiagoan ikuskatzen den testuinguru batean ospatuko dugu aurtengo Aberri Eguna. Batetik, estatuaren errepresioa geroz eta ekimen politiko handiagoarekin da erantzuna. Bestetik, Madrilek duen alternatiba eta eskaintza gabeziaren ondorioz, geroz eta ageriagokoa da etorkizuneko Europan Estatu libre eta independente gisa kokatuko gaituen burujabetza marko baten beharra.

Gure helburuak lortzeko bide luzea dugu parez pare, baina Ezker Abertzaleak bokazio eta determinazio osoa du bi oinarri nagusi dauzkan bide horretatik jarraitzeko: herri bultzada eta nazioarteko babesa. Soilik herritarren babes eta atxikimendutik lortuko dugu herri honi erabakitze eskubidea ukatzen dioten harresiak eraistea, horrela proiektu politiko guztien artean libreki hautatu ahal izateko, tartean Ezker Abertzalearena: Independentzia eta sozialismoa.

Nazioarteko babesa oinarrizkoa dugu. Nazioarteko inplikazioa geroz eta handiagoa da eta gure herrian irekitako errealitatea eta Madrilek eta Parisek betoa jarriko ez dioten agertoki demokratiko bat geroz eta onartuagoa dela adierazten digu.

Horrela, Ezker Abertzaleak herritarrei dei egiten die Gernikan eta Baigorrin ospatuko den Aberri Egunean parte hartzeko. Era berean, egunez egun eta arloz arlo herri ikuspegiz aritzeko deia luzatzen dugu, eraiki nahi dugun Euskal Herria sektorez sektore eta arloz arlo bultzatuaz.

Azkenik, eta bizi dugun momentuaren garrantziaz jakitun, ikusmira etorkizuneko Euskal Herrian izanda, egoerak eskatzen duen ardura historikoaz eta maila emanaz jardungo duela berretsi nahi dio Ezker Abertzaleak bere herriari.

Ezker Abertzalea,
2011ko apirilak 21