30/9/11

Prozesua aurrera doa harturiko konprimisoari esker, batzuek bi urteko inmobilismoa badaramete ere

 


Azken aste hauek berri eta gertakariz jositakoak izan dira. Berri eta gertakari hauek argi adierazten dute Euskal Herrian konponbide eta normalizazio politiko eta demokratikoko prozesu bat martxan dagoela, baina beste alde batetik, agerian uzten dute gaur egunean badirela oraindik blokeo eta immobilismoaren lubakian mantentzen diren indarrak.

Prozesua aurrera doala agerian uzten duten gertakarien artean, honakoak nabarmentzen ditu Ezker Abertzaleak: Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioari atxiki izana eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen osaketa.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioari adieraziriko atxikimenduaren inguruan:
- Normalizazio politiko eta demokratikoko prozesuan urrats garrantzitsua da Ezker Abertzalearen iritzian. Baldintzarik zailenetan ere, kolektiboak era argi batean adierazi du bere konpromisoa behin betiko aterabideetarako prozesuarekiko, bai eta gatazka politikoaren konponbidean ekarpena egiteko bere borondatea.
- Kolektiboaren jarrerak sortu duen adierazpen olatu izugarria, oso adierazgarria eta sakon baloratzekoa dela deritzogu. Arku politiko eta instituzional ia osoak, Gobernu espainiarraren eta polizi buru nagusien adierazpen publikoak nabarmentzen direlarik, kolektiboak harturiko konpromiso eta adieraziriko borondatearen garrantzia nabarmendu du.
- Eragile oso gutxi izan dira gaiari balioa kendu edo gutxietsi dutenak, eta horrela egin dutenak edota agerian geratu dira edota aurrez egindako adierazpenak zuzendu behar izan dituzte.

Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen osaketa eta aurkezpenari dagokionez,
- Euskal Herriarentzat berri ona dela deritzogu. Nazioarteko Egiaztatze
Batzordearen osaketa urrats sendo eta esanguratsua da Euskal Herritik zein
nazioartetik eraikitzen ari garen konponbide prozesuan.
- Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAk emaniko su etena egiaztatzearekin batera, sorturiko egoera berria egonkortzen lagunduko du. Horrela, soluzio konpartituak eraikitzeko orubea finkatu da, prozesua bultzatzen ari diren eragileen borondate irmoa frogatzearekin batera.

Ezker Abertzalearen iritziz, bi gertakari hauek agerian uzten dute konponbide eta normalizazio politiko eta demokratikoko prozesua aurrera doala. Eta aurrera badoa, Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialok, nazioarteko komunitatearekin batera, harturiko konpromisoari esker da. Bai eta, bake eta aterabide demokratikoen agertoki bat eraikitzeko alde guztioi konpromisoak exijitzen dizkigun euskal gehiengo sozialaren aldarriarengatik.

Gure herria konponbideen bidetik aurrera egiten ari da, Madrilek blokeozko jarrera oztopatzaile bat mantentzen duen arren. Jarrera horren bi adibide garbi utzi dizkigute aste hauek: Bateragune delako auziaren epai eskandalagarria eta mendekatia, eta Sorturen legeztapenaren aurka Estatuko Abokatutzak eta Fiskaltzak aurkezturiko helegiteak. Madrilek bide antzu horren aldeko hautua egin arren, abian den prozesua bidetik ateratzeko saiakerek, frustrazioa eragitetik urruti, Ezker Abertzalearen apustu estrategikoa da indartzen ari dena, maila politiko zein sozialean.

Azken urteotan, esparru politiko eta instituzional batzuetatik, Ezker Abertzaleari sinesgarritasuna kentzen saiatu dira, egindako apustua baldintzatzen saiatzearekin batera.

Horretarako errepresioa, intoxikazioa eta manipulazioaz baliatu dira. Gaur egunean ordea, zentzutasun eta ardura minimo bat duen inork ezin dezake ukatu Ezker Abertzaleak emaniko urratsek eta abian jarririko ekimenek egoera politiko berri bat sortu dutenik.

Gasteizeko Legebiltzarreko osoko bilkuran adibide on bat izan genuen atzokoan. Bi urteetako immobilismoaren zama nabaritzen zaien arren, Patxi Lopezen hitzek norabide onean emaniko urratsa dira. Ordezkatu beharko lukeen jendartearen iritzi nagusiari bizkarra eman dion Eusko Jaurlaritza honi ezinezkoa zaio jada blokeo jarreretan mantentzea.

Lopezek adierazirikoa ez nahikoa dela pentsatzen dugun arren, norabide egokian emandako urratsa dela deritzogu. Horrela, deialdia luzatzen diogu PSOE zein PPri blokeo jarrera alboratu eta jarrera proaktibo eta eraikitzaile bat har dezaten.

Azkenik, garaile eta garaituetan oinarrituriko bake baten inguruko kontakizun bat idatzi nahi duten horiek salatu nahi ditu Ezker Abertzaleak. Garaile eta garaituen argudio belizistan oinarrituriko inongo bake ez da ez justua ez iraunkorra izan. Gure historian horren adibide ugari dauzkagu.

Ezker Abertzaleak dei egiten die eragile guztiei, bai eta Estatu espainiar zein frantziarrari, arduraz eta era eraikitzailean jokatzera, bake eta behin betiko aterabide demokratikoen agertoki baten eraikuntzan aurrera egin ahal izateko. Agertoki horretan, guzti guztiak ateratzen gara garaile.