Azken aste hauetan mugimendu inportanteak eman dira maila politikoan. Unai Ziarretaren alderdiak PNVrekin koalizioan hauteskundeetara ez zela joango iragarri zuen. Apurketaren oinarriak, alderdi jeltzaleak, Estatu alderdi izateari begira emandako urratsak eta burujabetza bidetik erabat aldentzea izan dira. Ezker Abertzaleak baina, hilabete luzeak daramatza hausnarketa bera plazaratzen. EBBko presidente bezala Imazek buruturiko gestioa, prozesu negoziatzailean zehar PNVk mantendutako posizio politikoa, Estatuko aurrekontuak babestu izanak edota Ibarretxeren galdeketaren debekuaren aurrean erantzunik eman nahi ez izateak, baieztatzen dute gure hausnarketa. Eta beraz, beste mugimendu politiko batek, Ezker Abertzaleak egiten duen diagnostikoarekin bat etortzea oso positibo bezala baloratu behar da.
Baina erabaki honek hautsak harrotu ditu Sabin Etxean. Hauteskundeei begira ere Urkulluren alderdiak birkokatu beharko da, EAk betetzen zion eremu abertzale hori bete gabe dagoelako. Baina egin ahal dituen diskurtsoetatik haratago, PNVk PSOEren eskutik bidea egiteko apustu garbia egin duela baieztatu daiteke. Horrela bakarrik ulertu daiteke Euskal Herriko selekzioarekin gertatutakoa. EBBren presioen ondorioz, Euskadiko Futbol Federazioak selekzioari berriro izena aldatu zion, futbolarien jarrera txalogarria eraginez.
Euskal Herria vs Euskadi gatazkak egoera politikoaren argazki argi bat eskaini digu. PNVk Euskadiko selekzioa inposatu nahi izanak, alderdi bakoitza publikoki jarrera hartzera behartu du, herri honentzat dauden proiektu politiko ezberdinak azaleraziz. Ondorioz, burujabetzaren aldekoak eta kontrakoak oso argi definitu dira. Josu Jon Imazek esaten zuenean PNVren herria eta Ezker Abertzaleak defenditzen duen herri proiektua ezberdinak direla, badakigu zertaz ari zen. PNVk espainiar konstituzioaren markoaren barnean eroso bizitzeko proiektu erregionalista bat du, azken aste hauetan argi gelditu den bezala. Ez da kasualitatea beraz PSE eta PPrekin jarrera eta diskurtsoa konpartitu izana. Gabonetarako partidura begira, PNV alderdi konstituzionalistekin lerrokatu da.
Lurraldetasuna eta autodeterminazio eskubidea barnebiltzen dituen eskenatoki demokratikoa eraikitzeko unea dugu, Euskal Herriaren ukapena eta inposizioa oinarri dituen marko konstituzional-autonomikoa gaindituz. Hori da Ezker Abertzalea herri honi egin nahi dion eskaintza eta burujabetzaren bidea egiteko prest dagoenak ondoan topatuko du Ezker Abertzalea.