13/11/11

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren agiria
2011-11-13
Hiru hamarkada luze igaro dira 1977ko abendu hartan, Euskal jendartearen bultzada
eta indarrak espainiar kartzelatan zuten azken preso politikoa atera zenetik. Espainiak
Euskal Herriarekin mendeetan zehar mantentzen duen gatazkari benetako irtenbidea
eman ez, gatazkaren oinarri den euskal herriak bere buruz erabakitzeko eskubideari
heldu ez eta berehala, 1978ko urtarrilean espetxeak euskal jendez betetzen hasi zen
espainiako aparatu errepresiboa. Gatazkaren oinarrizko arrazoien konponbideari
lotutako Amnistia aldarrikapenaren esanahia hustu eta gure herriaren zapalketa eta
bere eskubideen ukazioen oinarri-pean ekin zion espainiar estatuak bere trantsizioari.
Ez zuten baina, Euskal Herriak bere eskubideei uko egiterik lortu. Mendeetako
askatasun goseak herritarrak borrokari lotuta jarraitzera eraman gintuen. Ehunka baino
milaka izan gara azken hamarkada hauetan atxilotu, torturatu eta espetxeratuak izan
garenok, baita ihesari ekin diogunok ere. Espainiar estatuaren zapalkuntza,
ankerkeria, krudelkeria eta mendeku gosea bizi izan ditugu; bizi ditugu oraindik.
Espainian iruzurrez iruzur sorturiko demokrazia ezaren garai haietatik egungo
sakabanaketa politika hiltzailearen errealitaterainoko sufrikarioa. UCD, PSOE zein
Alderdi Popularraren esku faxista, mendekatzaile eta odoltsuek gure kontra kolpez
kolpe eginiko marra gorri latza, alegia.
Egun ere, beraien eskuetan gauzkatela-eta, ahalik eta denbora gehien nahi gaituzte
burdin eta porlanezko etxola mingarri hauetan; egunerokotasunaren krudelkeriak
mugarik ezagutu ezinean, gure izatearekin bukatu nahirik. Baina gu aspalditxo lotu
ginen borrokari. Gure Herriak eta bere historiak erakutsi eta emandakoak barne
barnean daramatzagularik, bere askatasunaren aldeko lubakietan eraikuntza lanetan
jardutea merezi duela ongi aski dakigu: halaxe sentitzen dugulako, halaxe amesten
dugulako, halaxe lortuko dugulako.
Hiru hamarkada hauetan gure hatz minduekin ildoa egiten ari gara, Euskal Herriaren
aurreneko egun askerainoko zubia gurutzatu nahirik. Une horretan, gure herria
aitortua, gure etorkizunari buruz Euskal Herritarrok erabakiko duguna errespetatua
izango dela bermatua izanen denean, espetxeak hustuta eta iheslariak etxean izango
garenean, Amnistia bere zentzu zabalean izango dugunean alegia, izango du herri
honek benetako bakea.
Urteetako lan horretan aldaparik eta harri koskorren kolperik ere pairatu izan dugu;
bidean burkide, lagun eta senide askok utzi gaituztelarik. Madarikatuak diogu sarri,
madarikatuak hiltzaileak, geureak direnekin batera gailurrera ailegatu nahi izan eta utzi
ez digutelako. Haiei, inori baino lehenago, haiei diegu zor lortuko dugun garaipen hori.
Oraindik orain, lubaki honetan egin beharrekoak ez dira gutxi izango. Iruzurrez eta
bortxaz inposatu diguten gatazka honek, finean, Euskal Herria eta bere eskubidearen
aitortza baino ez du behar. Dagokiona. Jakinik gure konpromisoak hamarkadetako
historia duela eta euskal eragileen arteko indar metaketak konpromiso eta zintzotasun
berbera behar duela, horrelako benetako bultzada beharko dugu Estatuei gure
herriaren etorkizuna beraien atzapar bortitz horietan duten giltza kentzeko.
Eta ari gara. Etorkizun askea irudikatu nahi dugun aro berri honetan Euskal Eragileok
gatazkaren behin betiko gainditze bidean urrats esanguratsuak ematen ari gara.
Horietan azkena, ETA erakundeak adierazitako borroka armatuaren bertan behera
uztearena. Bere historia luze eta emankorraren ildotik, oraingoan ere ETA erakundeak
arduraz eta Euskal Herriaren askatasunaren mesedetan ekin du. Bere ereduari
begiratu behar dionik ez da falta ez, tamalez. Duela ez asko esan genuen, eta berriro
diogu: Hobe lukete errepresio eta zapalketaren bide antzuari uko egin eta, beraiek
ordezkatzen dituzten Estatuek ere prozesu demokratikoa bultzatzeari begira jarriko
balira. Historiaren lezioa ikas dezatela behingoz Sarkozy, Zapatero, Rubalcaba, Rajoi
eta enparauek. Konturatu daitezela "Et Domuit Vascones" zaharrarekin ametsetan
joango direla beraiek ere. Beste batzuk saiatu ziren aurretik, baita porrot egin ere. Ibi
amiltsu hori baztertu eta Euskal Herriarekin duten gatazka politikoa konponbidean
jartzeko hautua egin beharrena daudela konturatu daitezela behingoz.
Guri dagokigunez, jakitun gara espainiar zein frantziar estatu horiek geu, euskal preso
politikook gaituztela itu beraien zapaltzaile eta hiltzaile den asimilatze politika horretan.
Zapalketa eta errepresio gordinaren bitartekoez baliatuz oraindaino ez dutela gure
herriaren asimilatzerako obsesioan atsedenik. Atxiloketak, torturak, milaka
herritarrekiko apartheid politika, aske geratu diren kideenganako herritarren ongietorri
adierazpenak kolpeka ekiditeko saioak, kolaborazio eskaintza-mehatxuak, espetxe
politika kriminalaren mantentzea... luzea da, bai, zerrenda. Legeak errepresioaren
mesedetan nahikoa manipulatu ez eta jazarpen eta mendeku politikoak agintzen dutela
erakutsi digute argi eta garbi.
Kontrako norabidean kokatu du etorkizuna gure herriak. Aspaldi hartu zuen etorkizun
askearen hautua. Ez da, egun, Espainia eta Frantziaren errepresio eta mendeku
politika justifikatzen duen herritarrik. Are gehiago, herritarren gehiengo zabal batek
egin du bat euskal preso politikoen kontrako jazarpenaren kontra. Gernikako
akordioaren baitan bildu diren indarrek, Amnistia osoaren bidean eta lehen urrats
gisara Euskal Preso Politikoen eskubideak, oinarrizkoak zein politikoak, errespetatuak
izan daitezen aldarria jarri du mahai gainean.
Bide horretan, presoon eskubideak berehala errespetatu, gaixo larriak askatu,
baldintzapeko askatasunean egon beharko genukeenak aske utzi, bizi arteko espetxe
zigor politikarekin amaitzea dira jada Estatuek eman behar dituzten lehen urratsak.
Berehala eta inongo baldintzarik gabe.
Euskal Preso Politikoen kolektiboak indarra jarri nahi du aldarrikapen hauetan. Zentzu
horretan, egoera horietan dauden gure kolektiboko kideek berehalako askatasun
eskaera egingo dute datozen egunotan. Aldarrikapena kolektiboa da, Euskal Preso
Politikoen Kolektiboak eskaera hori publikoki berresten du eta euskal Jendarteari
baldintza horiek inolako baldintzarik gabe eta berehala bete daitezen aldarrikatzeari dei
egiten dio.
Prozesu demokratikoan urratsak eman bidean dispertsioarekin amaitu eta euskal preso
politikoak, dagokigun estatus politikoa aitortuta Euskal Herrian batzea ezinbestekoa da
ere. Prozesuan gure parte hartzea ahalbidetuko duen egoera betetzea ezinbestekoa
baita prozesuak aurrera egin dezan.
Geuk, gure aldetik, heriotza edota bizi arteko zigor guztien gainetik, Euskal Herri aske
baten aldeko apustuan tinko eginen dugu. Esan moduan, tinkotasunez, harrotasunez,
umiltasun osoz eta itxaropentsu, nola ez, bada?!
Jite honetan, igandean ere gure ekarpena egingo diogu apustu horri. Gure Herrian aro
berri bat gauzatzeko urratsak ematen ari garen honetan, garrantzi berezia dute
igandean Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroa Garaian izango diren espainiar
gorteetarako hauteskundeak. Konpromiso une honetan ere gure bozka zuenarekin
batera izango da bozka ontzietan.
Ez dezatela Espainiako estatuaren egonkortasunaren aldeko apustuan dihardutenek
gure arteko inoren bozik jasoko dutenik espero. Madrilek finkatzen duen Estatu politika
babestu, gure herriaren etorkizuna Espainiari lotuta irudikatu, autonomismoan
sakonduz Euskal Herriaren zatiketa iraunkortu, Espainiako gobernuek urteetan abiatu
dituzten ekimen errepresiboak esplizituki onetsi eta egun ere, espainiako gobernuari
egonkortasuna emanez gure kontra indarrean daukan dispertsio politika babesten
duenak ez du, ez, gure bozik jasoko. Aho txikiarekin gure eskubideen alde daudela
esan baina aho handiarekin eta ekintzekin gure kontra eta gure herriaren kontra
estatuen jazarpen politika babesteak ez du balio. Hautua egin behar dute. Euskal
Herriaren alde herri gisa gure hitza aurkezteko aukera paregabeari berriro ere ezetza
eman dioten PNV eta pareko alderdiek ez dute gure bozik izango, inolaz ere.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboa abertzaleekin, independentistekin, eraldaketa
sozialaren aldeko borrokalariekin, parekotasunaren aldekoekin... finean, ezkertiarrekin!
Gure herriaren askatasunarekiko konpromisoa dutenekin, apartheid politikoa sufritzen
eta borrokatzen dutenekin, baztertuekin egongo da igandean EPPK. Baita etorkizuna
den gazteria erreboltariarekin. Azken batean, Euskal Herria eszenatoki demokratikoan
kokatu ahal izateko indarra egingo duten Euskal Herritarrekin batera egongo da EPPK.
Haiekin nahi baitugu askatasunerako zubia gurutzatu. Igandean milaka eta milaka
izango gara Euskal Herri aske baten aldeko apustua egingo dugunok, Euskal Herria
libre baterantz zubi hori igarotzeko apustua egingo dugunok. Eta astelehenean
proiektu hori garatzen jarraituko dugu. Herri gisa, Espainiako gorteetan gure
eskubideak aldarrikatuz behar bada ere, herritarronak diren udaletxe eta herrialdeetako
parlamentuetatik noski, baina bereziki herri antolakundeetatik eta herritar
dinamiketatik, baita gauzkaten ziega ilunetatik ere. Aurrerantzean ere, gure kolektibo
izaerari eutsiko diogu, gure izaera politikoak eztabaida mahaietan izanen du tokirik,
ahotsik eta ekimenik, elkar lanari hauspoa eman eta herri honi beharrezkoa egiten
zaion prozesu horretan indar horiek askatuko ditugu: gutxiengo baldintzak lortuz,
prozesuaren eraikuntzari hatz mindu umil hauekin ekinean jarraituz eta Estatuei euskal
herritarron hitzari errespetua exijituz, beste biderik ez baitago herriaren libertatetik
eratorritako bakean bizitzeko.
Hau da gure konpromisoa eta hau da Euskal Herritar orori luzatzen diogun eskaera