19/11/11

Tasio Erkizia: "Santi eta Josuren omenez"

Aurtengo urteurrena benetan momentu berezian ospatzen dugu. Euskal Herriak ilusio garaia bizi du, etorkizuna hurbilago ikusten dugun unea da. Beti legez bide zaila eta gogorra bistaratu arren, helmugara heltzeko bidea inoiz baino argiago dakusgu. Eta horrengatik, azken garaian, Santi eta Josu lagunak, askotan gogoratu zaituztet. Inoiz ez zarete hain presente egon. Egoera politiko honetan omenaldi benetan hunkigarria merezi duzuelakoan nago eta horregatik bidali nahi dizuedan agurra benetan berezia izatea nahi dut.

Omendu nahi zaituztet, beste hainbat eta hainbat herriko seme-alaba bezala, zuek izan zaretelako egoera honetara iristeko sustraiak eta zutabeak. Beste milaka gudariekin batera gaurko unea bizitzeko hazia erein duzuelako. Zuen borroka eta duintasunari esker esperantza eta ilusio garaia gozatzeko aukera daukagulako. Zuek bezalako gudari eta gidariei esker heldu gara honaino. Ezer ez dugu irabazi baina bide onean gaudela uste dugu, hori da herriaren ustea eta etsaiek adierazten diguten ziurtasuna.

Zuengandik askotan entzun nuen, gure Monzon handiak maiz errepikatzen zigun ideia: gure jarduera politikoaren zuzentasuna neurtzeko irizpide egokia da, besteak beste, etsaiak duen jarrera kontuan hartzea. Kezkati eta urduri ikusten badituzue, asmatzen ari garela adierazten du. Eta irizpide honi jarraiki, bistan da, asmatzen ari garela. Ezker Abertzaleak hartu duen bidea ez da batere gustukoa Rubalkaba edo Raxoientzat. Oso haserre dabiltza Guardia Zibila eta Mayor Oreja. Urduri dago Urkullu. Ezin egon nabaria dute politiko “profesionalek”. Egungo egoera zatitzailea eta sozialki injustuaren defendatzaile guztien kezka berdina da: ezker abertzalea irabazten ari da.

Duela 27 eta 22 urte modu basatian Santi eta Josu tiroz erahil zituztenean erabili genuen goiburua eta herriaren oihua zera izan zen: “Omenaldirik onena, garaipena”. Urruti dugu garaipena, dena dugu egiteke, baina herrian hedatzen ari da garaitu dezakegun itxaropena, bide onean kokaturik gauden sentsazioa eta ziurtasuna. Oso argi dugu norantz goazen, proiektu politiko argia eta egunetik egunera garatuagoa dugula; helburuak lortzeko bidea eta oinarria herriaren atxikimendua eta konpromisoan datza; milaka gara ilusioz jokatzen ari garen herritarrak. Bistan da: determinazioaz jokatuz, bide egokia hartzen duen herriak bere askatasuna lortzeko aukera handiak ditu. Oztopoak oztopo eta etsaien eraso guztien gainetik herri honek irabaziko du. Euskal Herriak, irabazteko baldintza guztiak betetzen ditu.

Batasuna izan zen zuen ametsa. Batasuna Ezker Abertzalearen baitan eta batasuna pentsaera ezberdinetako abertzaleen artean. Biak ala biak lantzen ari gara. Bi ildoek ezagutu dituzte pausu nabarmenak eta garapen ikusgarriak. Azken hiru urte hauetan ezker abertzaleak bideratu duen eztabaida prozesua konplexua izan da. Borroka moldeak aldatzeko hartu dugun erabakia oso garrantzitsua izanik, dudak eta eztabaida zorrotzak piztu ditu. Dimentsio handiko erabakia zen eta ondorioz zailtasun izugarriak zituena. Gainera, eztabaida prozesuan Estatu Espainola zein Frantziarrak behin eta berriro oztopatzen jarraitu du. Areago, zatiketa sortzea zen beraien helburu nagusia. Nahiago izan dute borroka armatuak jarraitzea, zatiketarik gabe ezker abertzale batua ikustea baino. “Bateragune” deitu duten taldearen atxiloketa, dozenaka gazteen torturak eta kartzelatzeak, oraindik ere ustezko zatiketaren inguruko etengabeko toxikazioa... ahalegin guztia egin dute prozesua porrotara eramateko. Baina alferrik, ezker abertzaleak erakutsi duen ausardia, determinazioa, elkarrekiko errespetua eta heldutasuna izugarria izan da. Ereindako batasun haziaren uzta oparoa.

Santi eta Josu, hil zituztenean biak ziren hautetsiak. Lehena, Gasteizko Parlamentuan eta bigarrena Madrilgo Gorteetan. Borrokalari apartak zirelako jarri genituen hautesle zerrendetan eta instituzioetara joan ziren borrokatzera. Aurten berriz, hain zuzen ere guretzat hain esanguratsua den eguna aukeratu dute hauteskundeak egiteko. Arrazoi bat gehiago hutsik ez egiteko. Bidea borroka dela sinisten dugun guztientzat arrazoi gehigarriak ditugu egun horretan bozka emateko, apustu sendoa egiteko.

Santiri behin baino gehiagotan entzun nion arrazonamendu aski interesgarria; iraultzaile baten botoak balio bikoitza du. Balio du proiektu eraldatzailea defenditzen duen ordezkaritza hautatzeko, eta ez da gutxi. Baina gainera balio du gure proiektu iraultzailea indartzeko. Gure estrategia eraldatzailea borroka mota ezberdinen arteko uztarketan oinarritzen dugunontzat, biziki garrantzitsua da eragin fronte guztietan aurrera joatea. Izan ere fronte batean atzera jotzen badugu, besteetan ere moteldu egiten gara, eta aldiz edozeinetan aurrera goazelarik, onuragarria da guztientzat. Herria eraiki nahi badugu era askotako ekarpenak behar ditugu, eta guztiak dira osagarriak.

Jakina da, gure proiektu politikoak ezin duela aurrera egin soilik lana eta eragin instituzionalari esker. Halaber bistan da hori gabe ez dagoela aurreratzerik. Eta zentzu honetan dudarik ez dago, militante baten bozkak balio bikoitza duela, borroka mota ezberdinen uztarketa egokia egiten den neurrian. “Borroka da bidea” diogunean hori esaten da: era ezberdinetako eraginak uztartuz eginen dugula bidea. Lana egiteko eta herria eraikitzeko modu eta era oso ezberdinak daude eta guztien arteko oreka lortzea da gure erronka nagusia.

“Madrilgo Gorteetan ez zaigu ezer galdu” diote beste batzuk. Eta neurri batean egia da. Instituzio horiek ez gaituzte ordezkatzen. Areago, bertako gehiengo eta gutxiengoak ez ditugu onartzen. Euskal Herria ukatzen duten instituzioak direlako. Baina etsaiekin hitz egin behar dela diogun bezala etsaien instituzioetara ere joatea ez da kontraesan gainditu ezina. Ez dugula onartzen esatera joan behar dugu. Herri bezala errespetatu behar gaituztela oihukatzera joan behar dugu. Ez al zen iraultzailea izan bere garaian Ortziren ukabila eta oihua ?

Iraultzaile sentitzen naizelako, ahal dudan neurrian borrokalari eta abertzale bezain sozialista, zuen urteurrenean bozkatzera joango naiz. Ezker abertzalearen iragana eta etorkizunaren oinarria, lana eta borroka esparru guztiak erabiltzean datza. Beraz, bozka ematea, Santi eta Josuren omenaldiaren parte dira.

Tasio Erkizia. Ezker abertzaleko militantea.