Larunbatean Bilboko kaleak kolapsatu zituen manifestazio erraldoiaren ostean atzo eskainiriko prentsaurrekoan adierazi moduan, Ezker Abertzalearen iritzia da PPk tentuz aztertu beharko lukeela larunbateko mobilizazioak utziriko argazkia.
Ezker Abertzaleak deia luzatzen dio PPri jarrera immobilistak baztertu eta euskal jendartearen gehiengoak eskatzen dionari kasu eginez, konponbidearen aldeko eragile bihur dadin, lehenengo pausoa gehiago itxaron gabe emanda: euskal preso politikoen kontra erabiltzen den espetxe politika behin betiko eten, horixe baita uneotan euskal herritarren kontra ezartzen ari den giza eskubide urraketa larriena.
Horrela, Alberto Ruiz Gallardon Justizi Ministroak buruturiko adierazpenen harira, Ezker Abertzalearen iritzia da Gobernu espainiarra dela euskal preso politikoei era kolektiboan ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politika bertan behera utzi beharko lukeena, presoen eskubideen errespetua ahalbidetuko lukeen legedi arruntaren aplikazioari ekinez. Horrela zigorra betea duten zein larriki gaixorik dauden presoak aske geratu beharko lukete berehala eta era berean, Euskal Preso Politikoen Kolektibo osoa Euskal Herriko kartzeletara berehala ekarria izan beharko luke.
Azkenik, Ezker Abertzaleak dei egiten dio Alderdi Popularraren gobernuari gatazka politikoa gainditzeko aukera historikoa probesteko arduraz aritzeko.
Ezker Abertzalea,
2012ko urtarrilak 9
Info dulantzi aldizkaria herriari irekitako lehioa izatea bilatzen du, Dulantzi, Egileta, Araba, Euskal Herriko berriak hartu eta zabaltzeko tresna. Dulantziko ezker abertzalearen konpromisoa baina guztion artean egin beharreko lana. Info Dulantzi busca ser una ventana abierta al pueblo, altavoz de las noticias de Dulantzi, Egileta, Araba y Euskal Herria. Un compromiso de la Izquierdad Abertzale de Dulantzi pero tambien un trabajo a realizar entre todos y todas