18/4/12

D3M eta Askatasunaren kontrako epaiketa Elkartsaun Akanpada (Ap. 23-27)

Urte honen hasiera aldera, Matrioska Martxa antolatu genuen Gasteizen. Gure eskubide zibil eta politikoak babestu eta beraiek erabiltzearren errepresioa jasaten dutenen defentsan ateratzearen beharra ikusi baikenuen. Ekaitz Etxean! ekimenaren amaiera puntua izan zen hura. Gasteiztar bizilagun honi Segin militatzeagatik inposaturiko 8 urtetako zigorrari erantzun nahian jaio zen. Baina garai hartan jada, azpimarratu genuen ekimen haren amaierak beste askoren abiapuntu izan behar zuela. Zoritxarrez gaur, heltzear dauden mehatxu berrien aurrean, Matrioska berriak eraikitzeko deialdia egitera derrigortuta gaude. Kasu honetan erasoa D3M eta Askatasuna sumariopean maneatzen ari da. Sumario honetan Apirilaren 30ean, 13 euskal herritar inputatu gisa Audientzia Nazionaleko jarlekuetan eseri beharko dira berriz ere, ezer aldatu ez balitz bezala. Banda armatuko kide izateagatik 9 eta 7 urteko eskariei aurre egin beharko diete. Jadanik espetxean zenbait hilabete pasa ostean noski (Aitor Liguerzana oraindik espetxean da). Baina erabilitako “dena ETA da” delako teoria, aitzaki hutsa baino ez da. Ikuspuntu ezkertiarreko esparru independentista bat bultzatzeagatik epaituak izango dira. Ilegalizazioek sorturiko hutsune politikoa betetzeko helburu lukeen proiektu bat defendatzeagatik eta era honetan gizarteko zati bati botoa emateko aukera eskaintzeagatik izango dira epaituak. Azken finean beren eskubideak defendatzeagatik izango dira epaituak. Beraz, Madrilen ez dira izanen pertsona hauek soilik epaituak, baizik eta Euskal Herriko milaka herritarron eskubide zibil eta politikoak dira epaituak izango direnak. Nork ez du bada noizbait sentitu, mundua mehatxuzko bihurtzen denean, amaren sabelaren babesera itzultzeko desira? D3M eta Askatasuna auzietan inputaturiko pertsonek eta antzeko egoeretatik pasatako askok beren epaiketaren berri izatean, hauxe desiratu izana oso posible da. Elkartasuna, amorrua, animoak, samurtasuna, sumindura, maitasuna, mobilizazioa…, sabel berriak eraiki eta dagoeneko existitzen direnak sendotzeaz gain, Matrioska babesten duen horrekiko elikagai dira. Elikatzen jarraitu behar dugu. Matrioskak ebaketarik gabeko eskubide zibil irmoak erditzen dituen egunera arte. Gure eskubide zibil eta politikoen eguneroko praktikak ezinezko bihurtuko du beraien kontrako edozein eraso. Egun horretan, gaur egungo erasotzaile harroputzek, euren uniforme eta togak gordeko dituzte, jakingo baitute gaur egun merke ateratzen zaiena, etorkizunean garestiegi izan dakiekeela