Badirudi ez dela Iñigo Urkulluren alderdiarentzako momenturik onena. Orain aste batzuk, Ziarretak bere alderdia hauteskundeetara bakarrik aurkeztuko dela azaldu zuen, Sabin Etxean ez zen giro erabakia jakitean, nahiz eta denek koalizioa apurtutzat jo. Baliteke PNVri min gehien egin ziona, apurketak berak baino areago, espero zena baitzen, apurketaren zioak izan zirela: bere presidentearen hitzetan, EAk Eusko Alderdi Jeltzaleak subiranotasunaren bidea behin betiko utzi duela baieztatu zuen. Norbaitek bide horri noizbait ekin ote dion galdetuko du… Hauteskunde kanpainaren atarian, orain arte bidelagun izan duzunak subiranotasunaren aurkakotzat jotzea, PSEko Patxi Lopezekin hauteskundeak jokoan dituzunean, ez da gauza xamurra. Orain arte PNV ez zen behartuta sentitzen diskurtso abertzale bat izatera, hutsune hori EAk betetzen baitzion. Baina orain, Ziarretaren alderdiaren erabakiaren ondoren, eskenatoki politiko berrian birkokatzeko beharra ikusiko al du PNVk? Oraingoz behintzat ez du horrelakorik egin.
Eta egun gutxiren buruan ere, PNVko Euskadi Buru Batzarrak euskal futbol federazioa presionatu zuela jakin genuen, selekzioak berriz ere Euskadiren izena izan zezan Euskal Herria beharrean. Futbolarien agiri ausartak, alderdi politiko guztiak jarrera publiko bat ematera behartu zituen, Euskadiren ondoan PP, PSOE eta PNV elkartuz.
Asteburu honetan Iñigo Urkulluren alderdiaren beste porrot baten berri izan dugu. BBK eta Kutxaren arteko fusioa bertan bera geratu da, kutxa gipuzkoarrean ez baitzen behar beste babes lortu. PNVk kutxan ordezkaritza duten sindikatu eta alderdi politiko gehien gehienen aurka egin zuen, bere lan-moldearen adierazle garbi: hartu edo utzi. Arazoa baina, uzten dutenak beste guztiak direnean dator.
Fusioaren gaiarekin jarraituz, ezin dugu ahaztu Vital Kutxan bizi den egoera paradoxikoa. PNV eta PSEk kutxa banatzea erabaki zuten. Gregorio Rojorentzat presidentzia eta Iñaki Gerenabarrenarentzat maletina. Bi alderdi hauek kutxen fusioa hauteskundeei begirako pultsu bezala erabiltzea erabaki izanak, Vital Kutxa bera oso egoera kaskarrean uzten du, baina batez ere Araba osoa. Bitxia da presidentzian dauden bi alderdien artean ia tentsiorik edota apurketa keinurik egon ez izana, hain jarrera kontrajarriak dituztenean.
Azken asteetan egoera politiko mugitu hau zerbait argitu dela esan genezake. Azken gertakariek subiranotasunaren lerroa marraztu dute, eta are garrantzitsuago, lerroaren alde banatan nor dagoen argi eta garbi utzi du. Orain bidea egitea dagokigu.