19/8/11

EAJri aukera historikoa berriro ez galtzeko deia egiten diogu

Prentsa ohar honen bidez, azaroaren 20ko Hauteskunde Orokorrei begira hauteskunde aliantza bat eratzeko Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak egindako proposamenari EAJk eginiko kritikei erantzun nahi die Ezker Abertzaleak.

Ezker Abertzalearen iritziz, bizi dugun momentu politikoan hauteskunde hauek Euskal Herrian irekiriko fase politikoan sakontzeko aukera ezin hobea dira, bake eta konponbide demokratikoen prozesua itzulezina bilakarazi eta, era berean, posizio soberanista eta aurrerakoietatik aldaketa politiko eta sozialean aurrera egitea ekarriko duen atxikimendu soziala eta eztabaida politikoa sendotzeko.

Hauteskunde hauek aukera bat dira Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako herritarrek subjektu politiko bat osatzen dutela eta horregatik Madril eta Europarekin bere barne zein kanpo harremanak zein izan behar duten erabakitzea dagokiola aldarrikatu eta exijitzeko.

Horregatik egiten dugu beto zein aurre-bazterketarik gabe indarrak metatzeko proposamen argi eta zintzo hau Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak. Euskal jendartearen eremu zabal batek, Euzko Alderdi Jeltzalearen boto emaile asko barnebiltzen dituena, harrera oso ona egin dion eta ilusioa piztu duen proposamena.

Horrela, EAJko hainbat burukidek egindako kritikek ez diotela aliantza proposamenaren oinarrizko auziari erantzuten deritzogu: Zergatik herri bezala dagokigun erabakitze eskubidearen defentsan indarrak metatzeari uko egin?

Oinarririk gabeko aitzakiak erabiltzen ari da EAJ, ikuspuntu abertzale batetik justifikatzeko zaila den posizio politiko bat justifikatzen saiatzeko.

Ezker Abertzalearen iritziz ordea, datorren azaroaren 20ean herri bezala daukagun aukera handia parez pare irekia dago, beti ere horretarako borondate politikorik badago. Horregatik, historiari aterik ez ixteko deia egiten diogu EAJri.

Gehiegi dira Euskal Herriko historia garaikidean abertzaleen arteko elkarlanerako galduriko aukerak. Horregatik, berriro ere deia luzatzen diogu Euzko Alderdi Jeltzaleari Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak eginiko elkarlan eskaintzaren argudio eta arrazoiak mahai baten inguruan entzun eta eztabaidatzeko.

Ezker Abertzalea
2011ko abuztuak 19